Garai hartan animaliek ez zuten isatsik. Saltzaile bat gurdi zahar batekin herrira agertu zen arte. Hark zeukan koipe premia! (gurdiak, esan nahi dut). Badakizue zer zekarren? Buztanak, gurdi bete buztan. Denak desberdinak.Animaliek haren berri izan zutenean berehala jo zuten zuten saltzailearengana. Azeria ibili zen azkarren. Makala da ba azeria… Berak erosi zuen buztanik sendoena eta politena.

Etxerakoan azeriak katuarekin egin zuen topo, hura ere saltzailearengana zihoan. Katuak buztan pintto-pinttoa aurkitu zuen, zetazko suge bat zirudien. Marrak zituen trabesean, zebraren antzera. Eta katua ere pozik.

Etxerako bidean zihoala zaldiak ia aurrean hartu zuen, arrapaladan zetorrren, trakatran-trakatran… Zaldia ere arin iritsi zen eta nahiko isats polita lortu zuen, ile luzeduna.

Zaldiaren ostean behia agertu zen. Behiak hartu zuen buztana ez zen hain polita, baina euliak uxatzeko nahikoa.

Saltzailea alde egiteko zorian zegoenean, txerria agertu zen lokatzez beteta.

-«Berandu zatoz. Bat baino ez daukat», esan zion saltzaileak, buztan motz kiribildu bat erakusten.

– «Niri bost axola. Ekarri!». Atzean itsatsi zuen eta hor dabil munduan zehar Pepe baino zoriontsuago. Egia esan, zertarako behar du txerriak buztana? Buztanik gabe ere oso pozik bizi zen. Txerriak nahiago du lasai-lasai ibili eta ahal duen guztietan gorputza lokatzetan freskatu.

Gizakia, egun hartan lo zegoen, eta isatsik gabe geratu zen.