Mendia. Mendian tontor bat. Tontorrean zuhaitz bat. Zuhaitzean adar bat. Adarrean bele beltz bat. Bele beltza pozik eta harro, mokoan gazta zati eder bat hartuta. Ezagutzen duzue bele beltza? Bai, ezta? Eta azeria? Azeria ere bai, jakina!

Kontua da gaztak usain ederra zuela eta azeriak usaimen aparta. Sudur zuloak dardarka hasi zitzaizkion eta ……. berehala aurkitu zuen gazta zatia. Zoritxarrez belearen mokoan zegoen. Azeriak, halere, laster asmatu zuen gazta hura bereganatzeko era.

«Egunon bele jauna «–hasi zitzaion koipekeriaz– «Ikusmira ederra dago hemen, ezta?. Eta eguraldia ere bikaina».

Beleak baietz esan zion …….burua mugituz.

Azeriak hitz eginarazi nahi zion, gazta eror zedin:

«Polita zara, gero! Zure ahotsa zure itxuraren parekoa balitz arranoak ere ez lizuke itzalik egingo. Zeu izango zinateke txoririk ederrena, zeruetako erregea».

Belea pozik! Lumak harro-harro jarri zitzaizkion.

Azeria berean tinko:

«Gustora entzungo nuke ba zure kantua. Kantari trebearen itxura hartzen dizut».

Hainbeste laudorio entzunda, bele beltzari paparra puztu egin zitzaion. Hain zegoen harrotuta ze, kantuan hasi zen. Eta gazta zatia lurrera noski.

«Ai inuzentea!» –pentsatu zuen azeriak– «Harro ganorabakoa! Nire hitz ustelez bete duzu barrena, baina sabelik ez duzu beteko».

Azeri azkarrak jan zuen gazta zati eder hura, bai.