Oihanean Nagda izeneko neska eder bat bizi zen. Halakorik! Mutil guztiak ibiltzen ziren haren atzetik, baina berak Kuruti maite zuen. Kuruti ehiztaririk trebeena zen.Behin suge pozointsu batek Kurutiri kozka egin zion eta, egun batzu pasata, mutila hil egin zen. Ordurako Nagda haurdun zegoen. Hilabete batzuren buruan suge batez erditu zen eta sugea nagusitu zenean, jakina, inork ez zuen berarekin ezkondu nahi.

Herriko aztia arazoa konpontzen saiatu zen. Sugearen bikotekidea Ida izeneko neska bat izan zitekeela pentsatu zuen. Aztiak basoko etxetxo bat oparitu zion Idari, baldintza bakar batekin: etxean edozein bisitari onartzea.

Goiz batean Idak suge bat aurkitu zuen atarian. Gezurra badirudi ere elkarren lagun handiak egin ziren. Zenbat berriketaldi egin ote zuten!

Idak gutxien uste zuenean, sugeak ospa egin zuen. Eta handik gutxira mutil dotore bat agertu zen. Idak hura ere onartu egin zuen etxean.

Behin batean Ida mutilarekin hizketan zegoela, suge larru bat ikusi zuen beheko suaren ondoan. Mutila ohartu barik, Idak sutara jaurti zuen larrua eta kiskali bezain laster mutilak hau esan zuen:

Orain arte erdi gizon erdi suge izan naiz baina hemendik aurrera, zuri esker, gizon osoa izango naiz».

Mutilak hartu zuen poza! Itxura aldaketari esker bazuen norekin ezkondu. Idarekin, jakina. Ze bikote ederra! Herriko neskak, ordea, oso penatuta geratu ziren, sugeari muzin egiteagatik mutilik gabe geratu zirelako.