Orain urte asko gertatu zen hau. Azeriak oiloa harrapatzea erabaki zuen. Zaku handi bat hartu eta oiloaren arrastoari jarraitu zion. Toki egokia aurkitu zuenean, zuhaitz baten ostean ezkutatu eta oiloa agertzeaz bat, taka, zaku barrura. Zozo batek gertatutako guztia ikusi zuen. Zozoa Oiloaren laguna zen.

Oilo gixajoa! Nire laguntza behar du. Bai, nik ere badakit ziria sartzen…», pentsatu zuen zozoak.

Azeriaren aurrean jarri zen, geldirik, hego bat apurtuta balu bezala.

Zozoa egoera penagarrian ikusita, azeria pozik. «Hau ere zakura», esan zion bere buruari.

Baina zozoa harrapatzeko puntuan zegoenean, honek salto bat egin zuen aurrerantz. Hegalditxo labur bat eta gelditu egin zen. Holan behin eta berriro. Azeria hurbiltzen zen bakoitzean, zozoak hegalditxoa. Bien bitartean oiloak zakutik ateratzea lortu zuen eta bere lekuan harri bat sartu zuen zakuan.

Oiloa aske zegoela ikusi zuenean, zozoak alde egin zuen. Orduan bai, orduan akrobata baten trebeziaz egin zuen hegan.

– «Hor gelditzen zara» esan zion azeriari.

– «Txerri hori! Niri adarra jo nahian?… Ba!, berdin dit. Oraindik oilo gozoa daukat».

Oilo gozoa zeukala, bai zera! Azeria etzen oiloaren azpikeriaz ohartu eta zakua lepoan hartuta etxerantz abiatu zen. Etxean ura jarri zuen irakiten eta, zaku barrukoa oiloa zelakoan, lapikora jaurti zuen…. harria. Plausta! Zipristinek salto egiterakoan azeriaren larrua erre egin zuten. Ze erre eta ze arraio! Gaztaina egosiaren antzera geratu zen azeria.

Harrezkero azeria ezta oiloen atzetik ibiltzen