Bazen behin familia zoriontsu bat: senar-amazteak eta ume jaio berria. Auzoko guztiek miresten zuten familia hura: «Ah ze bikote ederra, eta semea zer esanik ez!».

Behin batean emaztea zuhaitz baten itzalpean zegoen haurtxoa magalean hartuta. Atso itsusi bat hurbildu eta……

– «Kaixo politori. Ilea orrazten utziko didazu?»

– «Ez, eskerrik asko, ez daukat orrazteko premiarik»,

«Nik uste komeni zaizula. Utzidazu, utzidazu!»,

– «Tira, komenigarria baderitzozu…orraztu!»

Eta orrazten hasi zen. Baina atso temati hura sorgina zen, sorgin maltzurra, eta orratz beltz bat sartu zion lepoan. Orratza sartu eta emakumea uso bilakatu zen. Usoa, bai: hegoak zabaldu eta, pla-pla-pla, alde egin zuen! Atsoak, berehala, emakumearen tokia hartu zuen: zuhaitzaren itzalean eseri zen haurtxoa magalean jarrita.

Auzokoak, haurra atso ezezagun itsusi haren eskutan ikusita, harritu egiten ziren.

Aizu, nor zara zu?

Eta sorginak gezurra.

– «Ume honen ama! Nor izango naiz ba! Itxuraldatuta nago, bai, lehen emakume ederra nintzen, baina sorgin gaizto batek itxura hau eman zidan»

Hasieran inork etzion sinetsi, baina hainbestetan esaten zuenez gauza bera, azkenerako denek ziria irentsi. Baita senarrak ere. Sorginak emakumea ordezkatzea eta etxe zoriontsu hartan sartzea lortu zuen.

Etxeak lorategi polit bat zeukan eta egun hartatik aurrera egunero uso zuri bat hurbiltzen zen bertara. Senarrari uso hura asko gustatu eta harrapatzen saiatzen zen. Sorginak, berriz,:

-«Zertarako nahi duzu uso nazkagarri hori! Ala! Goazen barrura!»

Baina behin, zorionez, senarrak usoa harrapatu zuen. Gizonak burua laztandu zionean, arraroa zen zerbait aurkitu zion. Horixe arraroa! Orratz beltza zeukan kokotean sartuta. Gizonak orratza atera eta usoa emakume eder bilakatu zen! Bere emaztea zen!

Emakumeak gertatutakoaren berri eman zuenean, herritarrek sorgina atxilotu zuten. Enparantzan epaitu eta herritik bota egin zuten.